Sare lila luzea
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaCortinariaceae
GeneroaCortinarius
Espeziea Cortinarius largus
Fr., 1838

Sare lila luzea (Cortinarius largus) Cortinariaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Kontsumi liteke, baina kalitate gastronomiko eskasa du.

Deskribapena

Kapela: 5 eta 15 cm bitarteko diametrokoa, mamitsua, batez ere erdian; hasieran erdiesferikoa, gero ganbila eta, geroago, ertz oso hiribilduekin zabaldua. Azal leuna du, hezetasunarekin likatsu samarra eta kolore gris-lilakoa, erdialdean ilunxeagoa; ertza, berriz, ia zurixka. Zahartzean, kolore orokorra gris-gamuza edo okre samarrekoa bihurtzen da.

Orriak: Itsatsi-dekurrenteak, estu eta nahiko zabalak, lila kolorekoak gaztetan, gero kanela kolorekoak bihurtzen dira, eta azkenean oso ilunak. Ertza zertxobait koskaduna dute.

Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.

Hanka: Luzanga, betea, sendoa, eta erraboildun samarra oinarrian. Kolore zurixka du eta gortina zurixka bat darama.

Haragia: Trinkoa, zuria edo zertxobait grisaxka, gaztaroan tonu lilekin. Amoniakoarekin kolore horia ematen du, baina ez bizia, variecolor espeziean gertatzen den bezala. Usain nabarmenik gabea eta zapore gozokoa.[2]

Etimologia: Cortinarius hitza, gortinatik dator, gortina eta guzti, errezelaren hondakin bereizgarriengatik. Largus epitetoa latinetik dator, handia, luzea, esan nahi duen "largus" hitzetik. Perretxikoaren neurriengatik.

Jangarritasuna

Erdipurdiko jangarria.[3]

Nahasketa arriskua

Cortinarius variecolor delakoarekin nahas daiteke, hau handiagoa da eta lur usaina du, baita Cortinarius varius espeziearekin ere, honek oina oso klabiformea du eta kapela okre antzeko kolorekoa.[4]

Sasoia eta lekua

Uda amaieran eta udazkenean, hostozabalen basoetan, batez ere pagoetan.[5]

Banaketa eremua

Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Europa, Errusia, Japonia, Australia.

Galeria

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 219 or. ISBN 84-404-0530-8..
  3. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 370 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  4. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 147 or. ISBN 84-282-00541-X (T. 3). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
  5. (Gaztelaniaz) Palazon Lozano Fernando. (2006). Setas para todos. Jose Luis Añanos Echo Editorial Pirineo, 429 or. ISBN 84-87997-86-4..

Kanpo estekak