Rashid Khalidi | |
---|---|
(2009) | |
Bizitza | |
Jaiotza | New York, 1948 (75/76 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | New York |
Familia | |
Aita | Ismail Khalidi |
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Yale Unibertsitatea United Nations International School (en) St Antony's College (en) Davenport College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | historialaria, idazlea, unibertsitateko irakaslea eta politologoa |
Enplegatzailea(k) | Chicagoko Unibertsitatea Columbia Unibertsitatea Lebanese University (en) |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | islama |
Rashid Ismail Khalidi (New York, Estatu Batuak, 1948), Rashid Khalidi izenez ezaguna, jatorri palestinar eta libanoarreko historialari eta idazle estatubatuarra da, Ekialde Ertaineko gaietan espezialista.[1] Columbiako Unibertsitateko Arabiar Ikasketetako Edward Said katedraren titularra da, eta Palestinako ordezkaritzaren aholkulari izan zen Madrilgo eta Washingtongo bake-negoziazioetan 1991 eta 1993 bitartean. Middle East Studies Association-eko lehendakaria izan zen, eta Journal of Palestine Studies aldizkariko erredaktore burua da.[2][3]
« | Israel «sistematikoki» ari da palestinarrak borroka armatura bultzatzen, hori baita errazen kudeatu dezakeen erantzuna. | » |
—Rashid Khalidi 2023[1] |
1948an jaio zen New Yorkeko Manhattan auzoan. Aita, Jerusalemen jaiotako palestinarra, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan lan egiten zuen, eta ama barne-dekoratzailea zen.[4] Nazio Batuen Nazioarteko Eskolan bigarren hezkuntzako ikasketak egin ondoren, 1970ean lizentziatu zen Yale-ko unibertsitatean, eta 1974an Historian doktoratu zen Oxfordeko unibertsitatean, Lehen Mundu Gerra baino lehen Ekialde Ertaineko britainiar politikari buruzko tesi batekin.[3][2] 1960tik 1983ra bitartean, Beiruten bizi izan zen batez ere. Han jaio ziren seme-alabak, eta han zen unibertsitateko irakaslea.[5]
Estatu Batuetara itzuli zen familiarekin, Libanoko Lehen Gerra piztu zenean. Columbiako Unibertsitatean pare bat urte eman ondoren, 1987an Ekialde Ertaineko Historiako irakasle izendatu zuten Chicagoko Unibertsitatean. 16 urte eman zituen han, eta Barack Obama Estatu Batuetako presidente izango zenarekin adiskidetu egin zen.[5][4] Chicagon jarraitu zuen 2003ra arte, orduan itzuli baitzen Columbiako unibertsitatera, Arabiar Ikasketen katedrak eskainia.[3]
Bitartean, Palestinako ordezkaritzaren aholkulari izan zen bake negoziazioetan, Osloko akordioak sinatu zituztenean, 1991ko urritik 1993ko ekainera bitartean.[4] Chicagoko Unibertsitateko Nazioarteko Ikasketen Zentroko zuzendaria eta Middle East Studies Association elkarteko lehendakaria ere izan zen.[3] The Palestine-Israel Journal lau hilean behingo aldizkaria babesten duen batzordeko kidea da. Bi kazetari ospetsuk sortu zuten aldizkari hori: Ziad AbuZayyad palestinarrak eta Victor Cygielman israeldarrak. Politika, ekonomia eta kulturari buruzko ikerketa- eta azterketa-materiala argitaratzen espezializatuta dago aldizkaria, gatazkan dauden bi alderdien ikuspegitik.[6]
Alderdi Errepublikanoko kide batzuek eta komunitate juduko kide batzuek behin baino gehiagotan kritikatu badute ere, Rashid Khalidi ikuspuntu desberdinak onartzen dituen akademikoa da. Askotan oso politizatuta dagoen alor batean aditua da, eta Estatu Batuetan eskuindar eta ezkertiarrek errespetatzen duten eruditua da.[4]