Odesako bonbardaketa (2022) | |||
---|---|---|---|
Ukrainako inbasioa (2022) | |||
Data | 2022ko otsailak 24 – egun (2 urte, 2 hilabete eta 27 egun) | ||
Lekua | Odesa, Odesa Oblasta (Ukraina) | ||
Egoera | Martxan | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
| |||
Bederatzi zibil hil |
2022ko Odesako bonbardaketa –edo Odesako gudua– egun abian den Ukrainako Odesa hiriaren aurka egindako bonbardaketa-ekintza bat da, Ukraina hegoaldeko erasoaldiaren parte gertatzen dena –beraz, 2022ko inbasio errusiarraren testuinguruan–. Errusiako indarrek hiria zein inguruko eskualdea anitz bonbardatu dute inbasioa hasi zenetik; batez ere, Itsaso Beltzean, itsas zabalean, kokatutako gerraontzi errusiarren bidez. Hiriaren aurka, gainera, gurutzaldi-misilak ere erabili dira.
Odesaren aurkako lehen aire-erasoak inbasioaren lehen egunean izan ziren, otsailaren 24ko lehen orduetan, eta hiriko biltegiak zein ukrainar radar- eta aire-defentsarako sisteman izan zituzten helburu. Erasoan, 22 soldadu hil eta beste seik zauriturik bukatu zuten.[4][5] Errusiako Aire Armadako Sukhoi Su-30 ehiza-hegazkin bat Odesaren gainera eraitsi zuten ukrainarrek lehen aire eraso horietan.[6] Otsailaren 27an, Errusiako saboteatzaileak Odesan lanean hasiak ziren, Ukrainako agintariek atxilotu eta konfiskatu egin baitzituzten. Ebakuazio-trenak martxoaren 2an hasi ziren zibilak hiritik ateratzen, Txernivtsi eta Uzhhoroderako bidean; era berean, beste ebakuazio-tren batzuk martxoaren 8an jarri ziren martxan.[7]
Errusiako gerraontzi batzuk Odesako kostaldearen aurrean porturatu ziren, inguru horretako kostaldea inbaditzeko asmoz. Hala ere, otsailaren 28rako, itsasontziak inguru horretatik erretiratzen hasi ziren; izan ere, itsasontzietan erreklutatutako marinel errusiarrek matxinada-saiakera bat egin zuten Odesako kostaldea Luzanivkako hondartzaren inguruan inbaditzeko asmoen aurka, eta, horrek, aurreikusitako inbasioa bertan behera uztera behartu zuen.[8]
Martxoaren 2ko 12:00ak inguruan, indar errusiarrek Datxne herria bonbardatu zuten, Odesako ipar-mendebaldean, gasbide bati kalte eginez eta bederatzi etxeri eta garaje bati su emanez. Martxoaren 3an, Errusiako indarrek inguruko Zatoka eta Bilenke herrixkak bonbardatu zituzten ere;[9][10] gutxienez, zibil bat hilez, azken horretan.[9] Errusiako gerraontziek Ukrainako Helt ontzi zibila ere bonbardatu zuten Odesako portuan, ontziaren hondoratzea eraginez.[11] Gau hartan bertan, errusiar saboteatzaileek Odesako udal-gobernuaren webguneak pirateatu zituzten, errusiarren aurrean Ukrainako itxurazko kapitulazio bati buruzko albiste faltsuak argitaratuz.
Ukrainaren aireko defentsa-indarrek, Odesan, Errusiaren gerra-hegazkinak eraitsi zituzten martxoaren 3an Bilhorod-Dnistrovskyren gainean, pilotuak onik eta salbu ejektatzea lortu zuen arren.[12] Martxoaren 5ean errusiarren eraisteak gertatu ziren ere, baina Odesa hiriaren gainean.[13] Martxoaren 8an, Ukrainako Lurralde Defentsarako Indarren brigada berri bat sortu zen Odesan, armarik gabe etxera bidaltzean antolamendu-faltagatik defentsa-indarretan sartu nahi zuten hiriko zibilen hasierako kexen ondoren.[14]
Errusiarrek Odesan egindako erasoak martxoaren amaieran areagotu ziren. Martxoaren 21eko goizean, Errusiako gerraontziak itsaso zabalean agertu ziren berriro, eta Odesako helburu zehatzak bonbardatzen hasi ziren, hiri-portua barne, Ukrainako kostalde-artilleriak sua itzuli eta errusiarrak Itsaso Beltzerantz atzerarazi aurretik.[15] Martxoaren 25ean, Ukrainako aire-defentsak hiru gurutzaldi-misil eraitsi zituen Itsaso Beltzaren gainera, Odesa eta inguruetan helburuak jotze-itu zutenak.[16] Martxoaren 27an beste bi gurutzaldi-misil errusiar eraitsi zituzten Odesako kostaldearen aurrean.[17] Ondoren, ordea, morterozko su handi bat izan zen hirian, Odesako administrazio militarreko bozeramaile den Serhiy Brattxuk-ek Telegram-en egindako adierazpen baten arabera.[1]
Apirilaren 13an, Oleksiy Arestovytx-ek, Ukrainako residentetzarako kontseilariak eta Maksym Martxenko-k Odesako Gobernadoreak esan zuten Errusiaren Itsaso Beltzeko Flotaren intsignia-ontzi den Moskva gurutzaontzi errusiarra ontzien aurkako bi Neptune-motako misilek jo eta itsaso zakar batean sutan zegoela. Misilak Odesa inguruan jaurti zituzten, antza denez, kostaldetik 60 eta 65 itsas miliatara zegoen Moskvaren kontra.[18][19] Errusiako Defentsa Ministerioak, ordea, sutea munizio-eztanda egin sortu zuela esan zuen, ontzia larriki kaltetutuz eta tripulazioa guztiz ebakuatzera eraman duena; halere, ez zen Ukrainako erasoari buruzko erreferentziarik egin.[20] Hurrengo egunean, ontzia hondoratu egin zen, konponketak egiteko portura iristen saiatzen ari zela.[3] Errusiak adierazi zuen Moskvako marinel bat hil eta beste 27 desagertu zirela, 396 tripulatzaile erreskatatu zituzten bitartean.[2]
Apirilaren 23an, Errusiaren misil-eraso batek instalazio militar bat eta bi etxebizitza-eraikin jo zituen,[21] zortzi zibil hilez eta beste 18–20 zaurituz, Ukrainako iturrien arabera.[22] Errusiak erasoa berretsi zuen, helburu-instalazioa Ukrainari emandako AEB eta Europako armak biltzen zituen aireportu militar bateko terminal logistiko bat zela adieraziz.[23]
Apirilaren 27an, Errusiako indarrek Zatokako zubia eraso eta suntsitu zuten, Odesa hiria Dniester ibaiaren ekialdean kokaturiko gainerako herrialdetik isolatzeko helburuarekin.[24]
Maiatzaren 1ean, Zelensky-k, Ukrainako Presidenteak, esan zuen Errusiako Indarrek Odesako Aireportuko pista eraiki berria suntsitu zutela. Ukrainako funtzionarioek esan zutenez, Errusiako Indarrek Bastion-motako misil bat erabili zuten erasoan.[25] Maiatzaren 7an berriro bonbardatu zuten hiria, non lau misilek eraikin zibil bat jo zuten eta, beste bik, hiriko aireportua.[26]
Maiatzaren 9an, Errusiak hiru Kinzhal-motako misil jaurti zituen Odesa Oblastera. Momentu horretan, Charles Michel –Europako Kontseiluko Presidentea– eta Denys Shmyhal –Ukrainako Lehen Ministroa– Odesan zeuden eta bonba-aterpe batean ezkutatu behar izan zuten. Egun bereko arratsaldean, Errusiako tropek misilak jaurti zituzten Odesako hiru biltegi eta hiritik gertu dagoen Fontanka herriko merkataritza-gune batera. Erasoan pertsona bat hil eta beste bi zauritu ziren biltegietan, bai eta beste hiru pertsona zauritu ziren merkatalgunean.[27]