Kieveko Konboia 30 kilometro inguru luze zen ibilgailu militarren talde handi bat zen, 2022ko Ukrainako inbasioaren testuinguruan, Kieveko erasoaldiaren parte bezala. Hasiera batean Kiev mehatxatzeagatik nabarmendu zen, baina, gero, gelditu egin zen ezjakinak diren arrazoi batzuengatik. Konboiari buruzko iruzkinek iradokitzen zutenez, bertako soldadu-kopuru handia janari, erregai eta urik gabe egon zitekeen, Ukrainako indar militarrek erasotzen zituzten bitartean.[1][2][3]
2022ko apirilaren 2an, Ukrainako Defentsa Ministerioak Kieveko eskualde osoa inbaditzailerik gabe zegoela adierazi zuen, Errusiako tropek zonaldea utzi ondoren.[4] Hiru egun lehenago, Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak adierazi zuen konboiak "ez zuela, inoiz, bere misioa bete".[5] 2022ko martxoaren hasieran, The Economistek adierazi zuen, itxuraz, antolatutako geldotasuna eta prestakuntza militarra Errusiak gerran oro har zituen arazoen adierazgarri zirela.[6]
Kieveko Konboia otsailaren 28an ikusi zen lehen aldiz,[7] hiriburuan proiektatutako Kieveko guduaren barruan eraso estrategiko bat egiteko itxurazko saiakera batean.[8] Inbasioaren komentarista askok iradoki zuten orduan Errusiak hiru eguneko gerra laburra egin nahi zuela, gobernua borrokatik kanpo utziko zuten eraso azkar-azkarrekin, alegia.[9] Izan ere, testuinguru horretan, Errusiaren-aldeko gobernu bat ezar liteke.[8][9] Errusiak indar asko oinarritu zituen Bielorrusian, Bielorrusia-Ukraina mugatik Ukraina iparraldetik eraso zuten, beste indar batzuek Donbass eta Luhanskeko Herri Errepublikatik eraso zuten bitartean, bai eta Ukraina hegoaldetik ere, Krimeatik.[10]
Ibilgailu-zutabea 2022ko otsailaren 28an agertu zen lehen aldiz, Ukrainara iparraldetik barneratuz, Bielorrusiako mugatik eta, garaian zirudienez, Kiev zuen helmuga. Horrek, hasiera batean, gatazkaren behatzaile askoren atsekabea eragin zuen, konboiak Kiev setiatu eta mehatxatu egingo zuela pentsatu baitzen.[11] Egunetan zehar konboia Bielorrusiatik, Pribirsk-era hasieran eta gero Ivankiv-eraino jaitsi zen.[12] Timek jakinarazi zuenez, martxoaren 1erako, konboia hiriaren erdigunetik 25 kilometrora zegoen.[13] Bestelako iturriek, ostean, jakinarazi zuten hiritik 25 eta 30 kilometro artean geldirik zegoela.[12][14]
Hala ere, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren 2022ko martxoaren 7ko inteligentzia-zerbitzuen eguneraketa baten arabera, Ukrainako erresistentziak eta hainbat konplikazio mekanikok atzeratu egin zuten errusiarren aurrerapena, konboia hiriburutik 30 kilometro baino gehiagora kokatuz: "Kieverantz doan Errusiako zutabe handiaren gorputz nagusia hiriaren erdigunetik 30 km baino gehiagora dago. (...) [Konboia] atzeratu egin da Ukrainako erresistentzia irmoagatik, [bai eta] matxura mekanikoengatik eta pilaketengatik".[12]
Martxoaren 2an, kalkuluen arabera, 15,000 soldadu zeuden ibilgailuetan.[12] Formakuntza, berez, ibilgailu militar ugariz osatuta zegoen, eta satelite-irudiek hirunaka aparkatutako ibilgailuak erakusten dituzte, errepidearen sekzio zabalagoetan.[11] Konboia bere tamainagatik nabarmendu zen, 65 kilometro ingurutan zehar hedatzen baita.[15] Konboiaren satelite-argazkiek erakusten zutenez, zutabea hornigai errusiarren kamioiek, tropek, armek eta artilleriek osatzen zute.[7][16] Reutersek konboiaren tamaina aztertu zuen, aurretik uste zena baino handiagoa zela kalkulatuz, 64 kilometro inguruko luzerarekin.[10] The Independentek ere, martxoaren 1ean, konboiak 64 kilometroko luzera zuela kalkulatu zuen, 27 kilometroko hasierako estimaziotatik urrunduz.[17]
Konboia aire-erasoen aurkako sistema mugikorrez babestuta zegoen.[15] Ezjakina zen, halere, sistema eraginkorra den, Ukrainako beste toki batzuetan Baykar Bayraktar TB2 drone ukrainarrek arrakastaz eraso baitzuten, eta martxoaren 1era arte "hiru SAM misil-sistema [errusiar] eta 152 mm-ko lau artilleria-pieza suntsitu zituzten, 10 kamioi eta hainbat tankerekin batera"[18][19] –turkiar fabrikazioko TB2 dronen eraginkortasuna, besteak beste, Errusiak gerraren hasierako fasean aire-nagusitasuna lortzeko duen ezintasunari egotzi zaio,[18] Errusiako koordinazio eta komunikazio eskasarekin batera–.[19] Hori dela eta, Ukrainako agintariek drone hauek konboiaren aurka erabiltzea planteatu zuten, baina honek hainbat arazo planteatzen zituen: TB2 drone gutxi zituzten, militar gutxik zuten haiek eraginkortasunez maneiatzeko gaitasuna eta Errusiako indarren GPS-bidezko dronen eraistea.[18] Gainera, martxoaren 3an, Justin Bronk abiazio-ikertzaileak adierazi zuen indar errusiarrek bazirudien aire-erasoen aurkako defentsa-sistema gehiago mugitu zituztela aurrerantz, baita zutabearen inguruan ere.[19] Gainera, Bronkek adierazi zuen ere konboia "oso helburu zaila" bihurtu zela "Ukrainako Aire Armadarentzat", aipatutakoaz gain Ukrainako mugatik kanpo geratzen ziren S-400 misil-sistemen eskura zegoelako ia edozein hegazkin-eraso.[19]
Konboia inbasioa hasi eta 8 egunera gelditu zen, Kieveko erdigunetik 30 bat kilometrora; 2022ko martxoaren 7an, defentsa-funtzionario estatubatuarren arabera, zutabea ez zen mugitu zenbait egunetan. Asko eztabaidatu zen zergatik gelditu zen konboia.[20] Oro har, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak adierazi zuen, martxoaren 7rako, konboia bere helburutik atzeratu egin zela "Ukrainako erresistentzia irmoagatik, matxura mekanikoengatik eta pilaketengatik", hurrengoa adieraziz: "zutabeak aurrerapen gutxi egin du [azkeneko] hiru egun baino gehiagotan".[2] Bestelako hedabideetan agertutako iturrien arabera, hurrengo hauek dira konboiaren gelditzearen ustezko zergatiak:
Zutabea agertu eta gutxira zutabea aipatzen zuten iruzkinek ziurtzat jotzen zuten Ukrainan sartuko zen zutabe bat zela, Kieveraino joan eta hura inguratu egingo zuela, herrialdeko hiriburua setiatuz.[29]
2022ko martxoaren 3an, CNNk Martti Kari defentsa inteligentziako aditu-ohi finlandiarra erabili zuen iturri gisa, estrategikoki, zutabe geldituak kanpainarako bi mehatxu nagusi suposatzen zituela esateko. Lehenik eta behin, zutabea, orain gelditua, helburu erraza izan litekeelako azkenean suntsituko luketen erasoetarako. Bigarrenik, zutabe geldiak, bertan zeudenei, egoerak okerrera egin ahala, moral-arazoak sortuko zizkielako, ez bakarrik zutabean zeudenei, baita beren egoeraren berri zuten beste tropa errusiar batzuei ere.[2] Beste komentario batzuen arabera, "konboi zitaleko" tropek hornigai-kamioi asko dituzte, eta konboiko soldaduek kamioien hornigaiak janez bakarrik irauten zutela bizirik, beste unitate batzuei eman behar zitzaizkien hornigaiak kontsumituz.[30]
Konboiaren funtzioari dagokionez, aurreratu izan zen bai zutabea Kieveko setioaren parte izango dela iristen denean, eta ibilgailuak eta tropak beren posizioak hartzeko hedatuko zirela,[31] edo iradoki izan zen ere hornikuntza-konboi bat besterik ez dela, inguruan konprometituta zeuden tropei elikagaiak eta munizioak berrezartzeko. Hirugarrenik, operazio aurreratuen base baten oinarri modura iradoki izan zen, Kieven aurkako erasoetarako.[26][27]
Martxoaren 3an, ABCk jakinarazi zuen tankeen-aurkako armekin egindako lurreko erasoek ibilgailu asko suntsitu zituztela. Adierazi zuen erasotzaileek nahita eraso ziotela zutabearen buruari, eta ibilgailuak suntsitu zituztela han. Horrek, aldi berean, barrikada bat sortu zuen, non ibilgailuek ezin zuten aurrera egin, eta horrek, aldi berean, konboi osoa geldiarazi zuen, Kieveranzko bidean aurrera egitea ezeztatuz.[29] Martxoaren 11n, defentsako goi-funtzionario estatubatuar batek adierazi zuen Ukrainako indarrek lurreko sua erabiliz hainbat eraso egin zituztela konboiaren aurka; hala nola, Mendebaldeko herrialdeek bidalitako FGM-148 Javelin tankeen-aurkako misilak erabiliz.[29] Eraso estrategikoek konboia geldiarazten lagundu zute, konboiaren barruan suntsitutako elementuekin "funtsean barrikada bat sortuz" eta konboiak aurrera egitea eragotzi zuten auto-ilarak sortuz.[29] Kieven lan egiten zuten unitate ukrainarrek hainbat oztopo eta blokeo jarri dituzte beren ibilbidean, baita "tranbiak, autobusak eta tamaina handiko ibilgailuak" erabilita ere.[32]
Frankotiratzaile ukrainarrek ere, beren posiziotik, Errusiako tropei eraso eta soldadu errusiar batzuk hil dituzte, goi-mailako ofizier errusiarrak barne.[14] Martxoaren 3an, Andrei Sukhovetski maior jenerala, Barruti Militar Zentraleko Arma Konbinatuen Armadako komandanteordea, frankotiratzaile ukrainarren tiroen ondorioz hil zuten 64 kilometroko luzerako konboi militar geldiaren buru ausartu zenean, Kievetik ipar-mendebaldera. Une hartan, Ukrainako inbasioan hildakoetatik hierarkia altueneko ofizial errusiarra zen.[14]
2022ko martxoaren 11rako, elementu batzuk banandu eta tiro-posizioetan hedatu ziren. Konboiaren zatirik nagusiena errepidean zegoen bitartean, zati batzuk, artilleria barne, zutabe nagusia utzi eta Hostomeletik hurbil posizioak hartzen hasi ziren.[33] Konboiaren zati batzuek posizioak hartu zituzten ere Lubianka-n eta inguruko basoetan.[34] Martxoaren 16an, Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak adierazi zuen Kievetik iparralderako konboi errusiarrak trabatuta jarraitzen zuela, eta ez zuela aurrera egin;[35] hala ere, martxoaren 31n, Departamentuak adierazi zuen ezin zuela baieztatu zutabea oraindik ere existitzen zenik, eta adierazi zuenez, azken finean, "[zutabeak ez zuela] inoiz (...) bete bere eginkizuna".[5]
2022ko apirilaren 2an, Ukrainako Defentsa Ministerioak Kieveko eskualde osoa, non zutabe militarra hedatuta baitzegoen, inbaditzailerik gabe zegoela adierazi zuen, tropa errusiarrek atzera egin ondoren.[4]