Sardina | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Clupeiformes |
Familia | Clupeidae |
Generoa | Sardina |
Espeziea | Sardina pilchardus Walbaum, 1792
|
Sardina (Sardina pilchardus; Walbaum, 1792) itsasoko espezie pelagiko txikien multzoko arraina da[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Sardina izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
sardiña[1][2][3] | Santurtzi, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa |
parrotxa[2][3][4] | Sardina gazteari: Santurtzi, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa, Getaria |
parrotxa txikerra[2] | Parrotxa baina txikiagoari: Santurtzi |
txardiña[ArgitaratuGabea 1] | Hondarribia |
xardiña[1] | |
xardiñie[1] |
Sardina arrain txikia da, helduek batezbeste 20 zm neurtzen dutelarik[5]. Inoiz 27 zm-tik gorako sardinak ere topatu izan dira[5]. Sabela zilar kolorekoa du, eta bizkarraldea berriz, urdinxka. Gorputz fusiformea du, antxoena baina zabalagoa, eta luzera osoan lerro longitudinal urdin dizdiratsu bat bereizten zaio, batzuetan, orbain ilun txikiekin[6]. Gorputza biltzen duten ezkata handiak ere bereizgarriak dira. Muturra puntaduna du, eta aho txikia, bestelako klupeidoen (hala nola, antxoen) aldean. Aleta dortsala gorputzaren erdiko gunetik zertxobait aurrerago hasten da, eta dortsalaren erdialdeko alturan baina alde bentralean, aleta anal bifidoa dute[6].
Sardina arrain urdina da, bere haragiak duen gantza zati jangarriaren %8ra iritsi daitekelarik. Hala ere, gantz kopuru hau aldakorra izaten da, sasoiaren eta sardinaren tamainaren arabera[7]. Bere baitan duen omega-3 kantitateari erreparatuz gero, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko behar nutrizionalen %100 betetzen du, eta proteina nahiz bitamina (B12, B6, E eta D) portzentaia ere oso altua da[8]. Haragiak duen mineral nagusia fosforoa da, eta kasu honetarako ere, ano batek eguneko behar nutrizionalak bete ditzake; gainera, beste hainbat mineraletan ere aberatsa da, hala nola, selenio, iodo, burdin eta magnesio kantitate altuekin[8].
Euskal Herrian, sardina urte osoan zehar kontsumitzen da, baina bereziki Martxoa-Apiriletik Urria-Azaroa arte[Euskal Herriko Arrainen Gida 1], orduan sardinaren haragiak kualitate organoleptiko hobeak izaten baititu, eta baita gantz kantitate handiagoa ere. Hau dela eta, sardinak preziatuak izaten dira (bereziki uda garaian) gure gastronomian, sarritan udako jaietako parrilatan protagonista direlarik.
Sardinen bizi-iraupena normalean 3-5 urtekoa izaten da[8], nahiz eta 10 urtetik gorako aleak ere topatzen diren, kasu batzuetan[5]. Heldutasun sexuala urtebeteko adinarekin eskuratzen dute[8].
Sardina Atlantiko ekialde osoan zehar banatzen da, Afrikako ipar-mendebaldetik Norvegiako hegoaldera arte[5]. Honetaz gain, Mediterraneoan ere espezie ugaria da[5]. Sardinak gregarioak dira eta beraz, sardatan pilatzen dira. Udaberri eta uda partean (haien ugalketa garaian) normalean kostaldetik hurbil[8] aurkitzen dira, azarotik martxora arteko garaian ur sakonagoetara mugitzen direlarik. Modu horretan, 150 m inguruko sakoneratan bizi daitezkeen arren, ohikoa da udan zehar sardinak sakonera txikiko uretan pilatzea, 25-50 m inguruko ur-zutabean, eta are azalerago gauean[8], bertan pilatzen den zooplanktonaz elikatzeko. Izan ere, gainontzeko arrain pelagikoekin batera sare trofikoan paper garrantzitsua jokatzen dute. Batetik, elikadura katean beherago kokatzen diren harrapakinak jaten dituzte (batez ere zooplanktona[9][10], bereziki ura etengabe iragaziz irensten dituzten kopepodoak[9][10][11], baina aukera izatekotan, baita aktiboki harrapatzen dituzten krill[9][12] eta arrainen arraultza kantitate altuak ere, tartean antxoenak[13]); bestetik, harrapari handiagoen bazka garrantzitsua dira, itsaso ezberdinetan (adibidez, izurde eta itsas-hegaztien elikagai nagusi diren heinean[14]).
Arraindegitan urte osoan zehar topatu ditzakegun arren, uda partean, Bizkaiko Golkoan, sardinak sarda handietan bildu ohi dira, sarritan kostaldetik hurbil gainera, eta harrapaketak ohikoak eta handiagoak izaten dira[15]. Euskal baxurako flotan, inguraketa-sareekin harrapatu ohi da, normalean gauez, itsasontzietako argiekin arraina haiengana erakarri ostean. Arraste-arrantzak ere harrapaketa handiak egin ditzake[8], baina hau ez da ohikoa gure kostaldean[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Sardina kopuruak azken hamarkadan izandako beherakada dela eta, arrantzaleek azken urteotan sardinaren arrantza mugatua eta, garai batzuetan, debekatua eduki dute Kantauriko kostaldean (ez ordea, Frantziako kostaldean)[15].
Sardinak duen gantz eta usaina dela eta, sardina sarritan erabili ohi da arrantzarako beita gisa, bai arrantza komertzialean[16] eta baita laket-arrantzan ere[ArgitaratuGabea 2].
Ikerketa batek sardinaren kontsumoak haurdun dauden emakumeen edoskitzaroko ama-esnearen omega-3 kopurua handitu dezakela erakutsi zuen[17].