Antxoa | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Clupeiformes |
Familia | Engraulidae |
Generoa | Engraulis |
Espeziea | Engraulis encrasicolus Linnaeus, 1758
|
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | gatzunetako antxoa eta Q3604165 ![]() |
Antxoa edo bokarta (Engraulis encrasicolus; Linnaeus, 1758) itsasoko espezie pelagiko txikien multzoko arraina da [Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Antxoa izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
albokartia[1] | |
antxoa | |
antxoba[2][3][4] | Santurtzi, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa |
antxobia[2] | Mundaka, Lekeitio |
antxobie[2] | Mundaka, Lekeitio |
antxoga[2] | Bermeo |
antxogie[4] | Bermeo |
antxobila[2] | Antxoa gazteari: Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio |
antxoila[2] | Antxoa gazteari |
txitxin[2] | Antxoa gazteari: Lekeitio |
antxua[ArgitaratuGabea 1][ArgitaratuGabea 2] | Hondarribia, Getaria |
bokarta[1][2][4] | Armintza, Bermeo, Mundaka, Lekeitio |
bitsetako-bokarta[2] | Mundaka (hondartzako antxoa zuriagoari) |
bokart-baltz[2] | Mundaka (lepo urdindun antxoa handiari) |
Europako antxoa | |
Kantauriko antxoa |
Antxoek gorputza txiki, trinko eta luzea dute, helduek batezbeste 13.5 zm neurtzen dutelarik[5]. Inoiz 20 zm-tik gorako antxoak ere topatu izan dira[5]. Sabela zilar kolorekoa du, eta bizkarraldea berriz, urdin-grisaxka. Muturra puntaduna du, eta behean ahoa, begietatik atzeragoraino luzatzen dena. Bizkarraren erdialdean aleta dortsala du, eta hau amaitzen den altura berean, baina alde bentralean, aleta analaren hasiera[6]; hau espezie honen ezaugarri bereizgarria izaten da, batez ere larba eta gazteak beste klupeidoetatik (hala nola, sardinetatik) bereizteko.
Antxoa arrain urdina da, bere haragiak duen omega-3, bitamina (hala nola A, D edo B12) eta mineral (magnesioa, burdina eta kaltzioa) kantitateari erreparatuz gero. Haren kontsumoak LDL kolesterola jeisten eta HDL kolesterola handitzen laguntzen du[7].
Euskal Herrian, antxoaren kontsumo garai nagusia Apiriletik Ekainera arte luzatzen da, hori baita antxoa Bizkaiko Golkoan sardatan pilatuta topatzen den garaia, sarritan kostaldetik hurbil gainera. Urte batzuetan udazkenean ere (Urria aldera) harrapaketa batzuk egoten dira[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Antxoen bizi-iraupena normalean 3-4 urtekoa izaten da, nahiz eta 5-6 urteko aleak ere topatzen diren kasu batzuetan[5].
Antxoa Atlantiko ekialde osoan zehar banatzen da, Hegoafrikatik Norvegiako hegoaldera arte. Honetaz gain, Mediterraneoan, Itsaso Baltikoan edota Azov Itsasoan ere badaude antxoa populazioak[5]. Europako itsasalde guztia hartzen duen heinean, Europako antxoa moduan ere ezagutzen da.
Antxoak sarda handietan bizi dira, eta normalean ilunabarra aldera sakonera txikiagoetan egoten dira, zooplanktonaz elikatzeko[8]. Elikadura-eremuen artean bai gazte eta bai helduentzat plataforma kontinentala eta ezponda kontinentala dira nabarmenenak[9][10]. Gainontzeko arrain pelagikoekin batera sare trofikoan paper garrantzitsua jokatzen dute, bai elikadura katean beherago kokatzen diren harrapakinak kontrolatzeko orduan (zooplanktonaz elikatzen dira[8][11], kopepodo txikiak iragazketa bidez eta handiagoa den krill-a harrapaketa aktiboaren bidez irentsiz[8][12][11][13]), eta baita harrapari handiagoen bazka modura (adibidez, hegaluze eta hegalaburren elikagai diren heinean[14]).
Bizkaiko Golkoan, antxoen errutea gehienbat, Apiriletik Ekainera bitarte ematen da, gehienbat Garona eta Aturri ibaien estuarioen pareko eremuetan baina baita ezponda kontinentalaren inguruan ere[15][16]. Errutea ilunabarrean eman ohi da gehienbat, eta garai honetan arrak ur-azalean jartzen dira, arraultzak erruten ari diren emeen gainean; modu honetan, esperma askatzen dutenean, hau arraultzekin nahasten da[15]. Jaiotzen diren arraultzak Iraila-Urria aldera gazte bilakatzen dira. Horrela, lehen urtean 9–10 zm-ko neurria hartzera heltzen dira[17], eta une hortatik aurrera antxoa helduak direla esan daiteke (hots, heldutasun sexuala eskuratzen dute), arraultzak erruteko gai direlako. Urtez urte stock-ari batzen zaion arrautzak erruteko gai diren heldu berri horiek osatzen duten populazio berri honi errekrutamendua esaten zaio[16].
Euskal arrantzaleen kostera nagusietako bat da antxoarena, eta inguraketa-sareekin harrapatu ohi da. Zientzilariek urtero Maiatzean eta Irailean burutzen dituzten kanpaina ozeanografikoetan antxoen arraultza eta ondorengo jubenil kopuruak, hurrenez hurren, aztertu ondoren, hurrengo urteko errekrutamendua aurrikusten dute; hau da arrantza-kudeaketa eta arrantza-kuotak ezartzeko garaian Europar agintariek oinarritzat hartzen duten irizpide zientifiko nagusia[18].
Azken urteotan antxoa kopuruak gora egin du, 2005–2009 urteetan zehar arrantzaren debeku-garaia ezarri zenetik goranzko joera orokorra erakutsi duelarik[18]. Hala ere, azken urteetan arrantzaleak antxoaren tamainaren eta banaketaren inguruan eztabaidan ari dira, Euskal kostaldetik urrunago (mendebalderago) harrapatu izan dutelako merkatuarentzat batez ere kontserbarako hain preziatuak diren ale handiak.
Munduan zehar 100 antxoa espezie baino gehiago daude (Engraulis spp.)[5]. Stock handienetakoa Peru eta Txileko kostaldean aurkitzen da (Engraulis ringens)[19].
Antxoa sarritan erabili ohi da arrantzarako beita gisa, bai arrantza komertzialean[20] eta baita laket-arrantzan ere[ArgitaratuGabea 3].
Euskal Herrian, Getariako garai zaharrak ezagutu dituztenek diotenez, antxoa kostaldeko akazia zuhaitzak loratzen hasten diren unean hasten omen da kostaldera gerturatzen, sasoiaren hasiera adieraziz[ArgitaratuGabea 4].