Artikulu hau kontzeptu filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Arte (argipena)».
Gaueko kafetegia, Vincent Van Goghek 1888an margotua

Artea edo ertia errealitatea edo irudimena nolabait adierazteko giza ekintza da. Horretarako, askotariko tresnak erabili ohi dira, hala nola materia, irudia, soinua, gorputz-adierazpena eta abar, hartzailearen irudimena edota emozioa suspertzeko helburuarekin.

Etimologia: artea / artisautza bereizketa

Arte izena latinezko ars-artem hitzetik dator. Hastapenetan teknikari erabat lotuta zegoen, grezieraz tekne (τεχνη) esaten baitzitzaion. Horrela, artea eta artisautza sinonimotzat erabiltzen ziren oro har.

Pizkundean, XV. mendearen bukaeran, artearen eta artisautzaren arteko bereizketa ezarri zen: artisauak obra errepikagarriak ekoizten ditu, eta artistak, aldiz, obra bakarrak.

Erti hitzari dagokiola, Sabin Aranak sortutako hizperria da, eder eta -di elkartuta.[1] Erti, sarri, erti-mota batzuen izenen bigarren osagai erabili da (esate baterako, ele + erti = elerti; berebat, antzerti, olerti...).

Artearen teoriaren historia

Arte kontzeptuak hainbat jarduera hartzen ditu, eta jarduera horiek nolabait bereizteko, hainbat multzo egin ohi dira: arte operatiboak, arte sortzaileak, arte ederrak... Dena dela, zaila da oso artetzat hartzen diren jarduerak zehatz sailkatzea. Historian, hainbat filosofo eta artista aritu izan da horretan, baina ez da artea bera zer den definitzerik lortu, eta are gutxiago, arteen sailkapenik egiterik. Hala, XIX. mendea arte, aurkikuntza eta mugimendu handien mendea arte, ez zen eman egun arte kontzeptuaz ulertzen denaren definizioa, nahiz eta ordurako emanak ziren artearen hainbat teoria.

Antzinako Grezia, Erroma eta Erdi Aroa

Akilesen ezkutuaren irudikapena, Angelo Monticelli, 1820.

Kristo aurreko garaietan, eta Itun Zaharrari jarraituz, ez zen arteaz azalpen teorikorik eman, baina greziarren garaian esan daiteke eman zela artearen lehenengo teoria, Hesiodoren Teogonia lanean (K.a. VIII-VII m.). Hesiodoren teorian, musek dakarten egia inspiratzailea aipatzen da; poesia, dantza eta musika, beraz, egiaren eta pozaren iturri lirateke, gaitzak ahaztu eta grinak aldentzeko bidea. Iliadaren hemezortzigarren liburuko (K.a. IX. mende inguruan) Akilesen ezkutuaren deskribapenean azaltzen da arte plastikoen lehen teoriatzat har daitekeena; metamorfosia eta mimesia aipatzen ziren hartan, eta haiek izan ziren ondorengo mendeetan ere Greziako artistek kontuan hartutako oinarriak. Haietatik abiatuta sortu zen artearen ikuspegi fantastikoa, irudimenezkoa.

Jenofanek irudimenezko jarduera gisa definitu zituen poesia, pintura eta eskultura.

Platonek ere imitazioa lotu zion arteari. Haren ustez, imitazio dira artelanak, eta imitazioa da artelanak sortzeko jarduera ere, artelanek imitatzen duten munduaren egilearen jarduna imitatzen baitute artistek. Aristotelesentzat, artea ez da errealitatearen isla, izan litekeenarena baizik, errealitateaz haraindiko zerbaitena, arimarena. Ikuspegi horretatik definitu zituen pintura, musika, eta poesia.

Erromako tradizioan, apainketarako jarduera zen artea, baina kristautasunean eta Erdi Aroan gainditu egin zen ikuspegi hori, eta Plotinoren teoria nagusitu zen, artea edertasunez azaltzen den arimaren imitazio gisa hartzen duena alegia. Erdi Aroan, artista batek artelana eskuz (pintura, eskultura, buztingintza eta arkitektura ere bai hein batean) egiteko, artelan hori agintzen zionak arte liberalak (zientziak) kontuan hartzen zituela aldarrikatu zuten.

Aro haren amaiera aldera, ordea, kontzeptu berriak agertu ziren, ordura artekoekin bat ez zetozenak. Arte figuratiboak azaldu ziren, arte liberalen maila hartu zutenak. Alegoria baztertu egin zuten, eta sinbolismoa hartu zuten oinarritzat, artelanaren esanahia lanean bertan dela eta hori besterik esan nahi ez duela aldarrikatzen duena alegia.

Berpizkundea

Adamen sorrera (1508-1512), Michelangelo, Kapera Sixtinoa (Vatikanoa).

Antzeko ikuspegia nagusitu zen Errenazimentuan ere. Garai hartako artea bi euskarritan bermatu zen: platoniko-intelektualistan batetik, eta aristoteliko-sentsualistan bestetik. Lehenengoaren arabera, artelanaren esanahia artelanak berak sinbolikoki adierazten duena da, eta bestearen arabera, aldiz, errealitatea esperientziaren bidez ezagutzen du artelanak, errealitatearen imitazioa baita. Azken teoria hori Paduako pinturan islatu zen bereziki, eta Platonena Quattrocentoko Florentziako pinturan.

Cinquecentoan, Leonardo da Vinci izan zen artea munduaren imitazioz eta behaketaz lortzen den ezagutzarako bide moduan ulertzen duen teoriaren ordezkari nagusia. Teoria hori indarrez agertzeaz gainera, eztabaida handiak izan ziren arteen loturari buruzkoak, arteen sailkapenari buruzkoak, artearen teoriari buruzkoak, etab. Kontuan hartu ziren Aristotelesen teoria, eta bereziki Platonen araberako ideiaren imitazioaren teoria.

XVII eta XVIII. mendeak

XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Graciánek bere lanetan azaldu zuena. Emmanuel Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.

Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialdera arte.

XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D´Alemberten Encyclopedie dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu ziren.

XIX. mendea

XIX. mendearen hasieran ezagutza-jarduera moduan ikusi zuten artea erromantizismoaren jarraitzaileek, ezagupenerako bide gisa eta ez ekoizpen soilerako jarduera gisa. Artea ezagupenaren jarduera gorena da, eta hedaduraz, magia. Artea magia gisa, hori da Novalisek aldarrikatu zuena. Schellingek, bere aldetik, filosofiaren goi-mailako organotzat eman zuen artea, nahiz eta, gero, artea eta filosofia parekatu zituen. Parekotasun hori, Hegelek baztertu eta filosofia baino beherago eraman zuen. Rimbaudek eta Frantziako sinbolismoaren beste hainbat olerkarik magia gisa ikusi zuten artea, arrazoiaren mende ez zegoen eta alde horretatik jarduera askatzailea zen zerbait bezala. Mende hartan bertan, naturalistena izan zen artea ezagupen gisa aldarrikatu zuen mugimendua. Bigarren erdialdean, artea edertasunaren sortzaile eta edertasunerako hezitzaile gisa aldarrikatu zuen Ingalaterrako estetizismoak, gizakiaren teknologiarekiko mendekotasunaren eta ekonomia liberalaren askabide gisa. Ingalaterran sortua, hedatu egin zen ikuspegi hori, eta hainbat artista izan zituen jarraitzaile, batzuk pedagogiaren aldetik, politikaren bidetik besteak etab. abiatu zirelarik horren barruan.

XX. mendea

Theodor Adorno (eskuinean), 1964an.

XX. mendearen lehen aldian, artea ezagupenerako bidetzat hartu baina ez zuten ezagupen logikoarekin eta intelektualarekin konparatu, aparteko zerbait bezala ulertu zen. Teoria horrek Bergsonen filosofia du oinarri, eta eragin handia izan zuen XX. mendearen lehen erdialdean Frantzian izandako arte- eta literatura-mugimenduan. Bigarren Mundu Gerra inguruan, Freud eta Jungen inkontzienteari buruzko teoria psikologikoak landu ziren artearen teoriari buruzko eztabaidetan. Aurretik, ordea, ezagupenerako bidea aldarrikatzen zuen mugimenduak soziologiaren ildora hedatu ziren, marxismoaren ikuspegitik errealitate soziala ezagutzeko bide gisaikusten zelarik artea. Bertolt Brechtentzat, gizartea aldatzeko ekintzen hastapena zen artea. Adornok ere soziologiaren inguruko teoria aldarrikatu zuen. Adornoren teoria izan da azken hogei urteotan Europako kulturan nagusitu direnen arteko bat eta Sartre izan du jarraitzale sutsuenetakoa. Bi Mundu Gerren artean, bestalde, arteen sailkapena eman zuen Alain filosofoak: arts de sociéte batetik (dantza, zeremoniakoa, jaiak, musika, poesia eta elokuentzia), eta arts solitaires (marrazkigintza, eskultura, buztingintza, zurgintza, eta arkitektura pribatua), arkitektura publikoa bi atal horien arteko zerbait delarik eta prosa eta liburugintzaren arte grafikoa bigarren multzoan dagoelarik. Horretaz gainera, beste sailkapen batzuk ere egin zituen Alainek, arte estatikoen eta higiduraren arteena esaterako. John Deweyk-entzat, aurrekoentzat ez bezala, artea egiteko era bat da, egiteko jarduera eta objektua hartzen dituena eta artelana gauzatzen gizakia laguntzaile duena moduan definitu zuen, ez egite bat bezala. Duela urte gutxi arteen aniztasuna funtzio anitzen sinbolizatzaile gisa azaltzen duen teoria eman zuen Langerrek. Teoria horrek ez du onartzen arteak ezagutzajarduerarekin zerikusirik ez duenik, eta haren garrantzi kulturala ezezten du. Positibismo logikoak eta estrukturalismoak, semiologiak, eta abarrek, artea zeinu-sistema moduan ikusten duten teoriek, garrantzi handia hartu dute azken urteotan. Dena dela, artearen teorian dihardutenen lanik garrantzitsuenetakoa artearen funtzio eta norabideari buruzko gogoeta egitea da, teknika hain aurreratua izanik, gizakia antzina bere askapenerako bide uste zuen teknikaren mende geratzearen arriskua gainean baita.

Arte-diziplinen sailkapena

Dantza Arte Nagusi bat da.

Arte Nagusiak

Arte nagusiak ikusmena eta entzumenaren bitartez hautematen direnak kontsideratu dira. Tradizioz, sei arte-diziplina nagusi bereizi dira:

Eskultura eta Margolaritza diziplinek Arte plastikoak osatzen dituzte.

Bigarren Mailako Arteak

Arte-objektuarekin harreman fisikoa izatea eskatzen dutenak dira:

XX. Mendeko Arteak

Irudiak adimen artifizialaren bidez sortzea

Midjourney, Stable Diffusion edo Dall-e gisako tresna informatikoek artetzat har daitezkeen irudiak sortzeko aukera ematen dute. Baliabide horiek Interneten eskuragarri dauden irudi ugari erabiltzen dituzte adimen artifizialaren bidez, deskribapenen eta beste elementu batzuen komunikazioaren bidez erabiltzaile batek eskatzen duen obra sortzeko.

Arte kritika

Denis Diderot, arte-kritikaren sortzailea.

Arte kritika literatura eta mundu akademikoaren arteko generoa da. Artelanen, artisten edo erakusketen balorazioa egiten du, printzipioz modu pertsonalean eta subjektiboan, baina artearen historian eta bere diziplina anitzetan oinarrituta, artea bere arabera baloratuz, testuingurua edo bilakaera kontutan hartuta. Aldi berean, ebaluatzailea, informatiboa eta konparatiboa da, modu zehatz eta entretenigarrian idatzia, azterketa akademikoa dela esan gabe baina datu enpirikoak eta egiaztagarriak eskainiz.

Denis Diderot arte modernoaren lehen kritikaritzat jotzen da: 1725az geroztik Louvre museoaren Salon Carrén egindako erakusketen gaineko iruzkinak idatzi zituen. Jendeari irekitako saloi horiek joera artistikoen hedapen zentro gisa jarduten zuten. Diderotek erakusketa horien inguruko inpresioak 1759an idatzi zituen gutun batean; testu hori Frédéric-Melchior Grimmen Correspondance littéraire liburuan argitaratu zen eta, geroztik, 1781 arte, generoaren abiapuntua izan zen.

Artearen kritikarien esparruan arte-historialariak eta idazleak izan dira. Batzutan azterketa metodologikoan oinarrituta, bestetan norberaren subjektibitatean, laister kritika gustuak moldatzeko benetako tresna zela deskubritu zuten zaleek. Izen handi batzuk aipatuko ditugu: Charles Baudelaire, John Ruskin, Oscar Wilde, Émile Zola, Joris-Karl Huysmans, Guillaume Apollinaire, Wilhelm Worringer, Clement Greenberg, Michel Tapié, Eugeni d'Ors, Juan Eduardo Cirlot, Juan Antonio Gaya Nuño, Irma Arestizábal... [2]

Arte teknikak

Johann Sebastian Bach, kontrapuntuaren maisu nagusi gisa hartua.
Musika
Marrazketa
Pintura-paleta, pintzelak eta pintura-hodiak (olioak).
Margolaritza

Pinturak, bi dimentsioko elementu gisa, euskarri bat behar du (horma, egurra, mihisea, kristala, metala, papera, etab.); euskarri horren gainean, pigmentua jartzen da (koloragarria + aglutinatzailea). Aglutinatzailea da prozedura piktoriko desberdinak sailkatzen dituena:

Teknika mistoak
Eskulturagintza

Materialaren arabera, hiru sistematan lan egin daiteke: gehikuntzazkoa, materia moldatuz eta gehituz, oro har, materia bigunetan (argizaria, plastilina, buztina); kentzailea, materia ezabatuz irudia aurkitu arte, oro har, material gogorretan (harria, marmola, egurra, brontzea, burdina); eta mistoa, materia gehituz eta kenduz. Galdaketa bidez ere egin daiteke, molde baten bidez. Eskultura egin ondoren, naturalean utzi edo polikromatu daiteke koloragarri begetal edo mineralekin edo enkaustoan, tenperan edo olioan, urreztatuta edo estofatua (urrearen imitazioa).

Irarlana: Veronicaren beloa (1513), Alberto Durero.
Beiratea: Moises Sinai mendian eta Moises faraoiaren aurrean (XIII. mendea), Koloniako katedrala, Alemania.
Irarlana
Mosaikoa
Beira

Hainbat beira mota daude: sodio-beira (oinarrizkoena, silizetik abiatuta), kristala (silizea eta berun-oxido edo potasioa), kaltzedoniar beira (silizea eta oxido metalikoak) eta esneki-beira (silizea, manganeso bioxidoa eta eztainu oxidoa). Hori lantzeko teknika nagusia beira puztea da, eta edozein forma eta lodiera eman dakioke. Dekorazioari dagokionez, margotua, esgrafiatua, zizelkatua, pintzaduna, filigranazkoa eta abar izan daiteke[8].

Zeramika

Buztinarekin egiten da lau motatan: buztin egosi porotsu gorri-horixka (buztineria, terrakota, biskuit); buztin egosi porotsu zuria (loza); buztin egosi ez-porotsu grisa, arrea edo marroia (gresa); buztin egosi ez porotsua eta erdi gardena (portzelana). Eskuz edo mekanikoki egin daiteke —tornua erabiliz—; ondoren, labean egosten da —400 °C eta 1300 °C arteko tenperaturan, motaren arabera—, eta esmaltez edo pinturaz apaintzen da[9].

Urregintza

Objektu apaingarriak metal nobleekin edo harribitxiekin (urrea, zilarra, diamantea, perla, anbarra, korala, etab.) egiteko artea da.

Forja

Burdinarekin egiten da (limonita, pirita edo magnetita), eta beroarekin murrizten da. Hortik, lingoteak egiteko pasta goria ateratzen da. Hiru motatakoak daude: fundizio grisa karbono, silize, sufre, eta manganeso asko duena, ez du forjatzeko balio, moldean urtzeko bakarrik; burdina gozo edo forjatua, karbono gutxiagorekin, malguagoa eta harikorragoa da, eta forjatu daiteke, baina biguna, eta desitxuragarria da; altzairua, manganeso, tungsteno, kobalto eta wolframioa dituena; gogorragoa da tresna ebakitzaileentzat. Modelatzea materialik gehitu edo kendu gabe egiten da, baizik eta teknika alternatibo batzuk bitartez: luzatze, zabaltze, arrailtze, kurbatze, birkokatze, etab.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «erti - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).
  2. Villa, Rocío de la (2003). Guía del arte hoy. Tecnos, Madril. ISBN 84-309-3930-X., 62-66 or.
  3. Fuga 2004, 12-30 orr. .
  4. Fuga 2004, 92-132 orr. .
  5. Fuga 2004, 138-167 orr. .
  6. Fatas & Borras 1990, 122-123 orr. .
  7. Fuga 2004, 176-201 orr. .
  8. Fuga 2004, 250-284 orr. .
  9. Fuga 2004, 212-230 orr. .
  10. Fuga 2004, 300-358 orr. .

Bibliografia

Kanpo estekak