Vatikanoko Museoak
Vatikanoko Museoak San Petri basilikatik ikusiak Irudi gehiago
Map
Kokapena
Estatu burujabe Vatikano Hiria
Arkitektura
Deskribapena
ZuzendariaAntonio Paolucci
Webguneahttp://www.museivaticani.va www.museivaticani.va

Vatikanoko Museoak (italieraz: Musei Vaticani) Vatikano Hiriko artelanek eta eskulturek osatzen duten erakusketa-gunea da. Artelan guzti horiek Eliza Katoliko Erromatarraren bildumaren zati dira, eta munduko arte-bilduma handienetariko bat osatzen dute. Museoak Julio II.a aita santuak bildutako lan guztiekin sortu ziren XVI. mendean eta aita santuek mendeetan zehar pilatutako artelanez osatuta daude. Era berean, aipatu beharra dago aita santuak artelanak jendearentzat ikusgai jarri zituzten lehenengoetariko agintariak izan zirela.

Raffaelek margotutako Kapera Sixtinoa eta aita santuen egoitzak ere Vatikanoko Museoen atal bat dira. Italiako museorik bisitatuenetako bat da: 2008an, adibidez, ia lau milioi eta erdi bisitari izan zituzten; dena dela, zentzu hertsian esanda, Vatikanoko Museoak Italiako Errepublikaren lurraldean ez daudenez gero, Italian bisita gehien jasotzen dituen arte museoa Florentziako Uffizi Galeria dela esan beharko litzateke.

Historia

Vatikanoko Museoen sarrera nagusia

Vatikanoko Museoen sorrera Julio II.a aita santuaren eskutik abiatu zen, eta marmolezko eskultura bat izan zen kausa: Laokoon irudikatzen duen eskultura, hain zuzen. Mitologia grekoaren arabera, Laokoon greziarrek troiarrei opari eman omen zieten egurrezko zaldia onartu ez zezaten konbentzitzen saiatu zen apaiza izan zen. Eskultura hau 1506ko urtarrilaren 14an aurkitu zuten Santa Maria Maggiore basilikaren inguruetako mahasti batean, Erroman. Julio II.a aita santuak Giuliano da Sangallori eta Michelangelo Buonarrotiri agindu zien aurkikuntza aztertzeko, eta, haien gomendioari jarraituz, aita santuak segituan erosi zion eskultura mahastiaren jabeari. Hilabete geroago Laokoon eta haren semeak itsas-suge baten kiribiletan estuturik irudikatzen dituen eskultura ospetsua jendaurrean ikusgai jarri zen Vatikanoan. Ondoren, beste eskultura batzuk Estatuen patioan erakutsi ziren, eta hurrengo berrehun urteetan askoz artelan gehiago ere gehitu ziren bildumara.

1756an, Benedikto XIV.ak Liburutegi Eliz-Museoa sortu zuen.

1767an, Klemente XIII.ak sortu zuen leku berean Museo Profanoa, monumentu erromatarrak konserbatzeko asmoz. Horrez gain, Pio-Klementinoar eta Chiaramonti Museoak, eta Lapidaria galeria sortu ziren.

1837an, Gregorio XVI.ak Gregoriar Etruriar Museoa sortu zuen, eta urte batzuk geroago artelan kristau asko gehitu ziren bildumara.

1870tik aurrera, Estatu Pontifizioaren bukaerarekin batera, aldaketa berri asko gauzatu ziren museoan. 1932an Pinakoteka zabaldu zen, eta Napoleonek ekarritako artelan asko berreskuratu eta erakusten hasi ziren. Hurrengo urteetan zehar, zabalkuntza prozesu asko jasan zituen museoak, aspaldiko bildumak bateratuz eta gela berriak zabalduz.

Gertaera gogoangarri bat jazo zen 1938ko maiatzean, Adolf Hitler buruzagi alemaniar nazia Erromara iritsi zenean, Viktor Emanuel III.a erregeak eta Benito Mussolinik gonbidaturik. Pio XI.a aita santuak ez zuen hartu nahi eta horregatik, egun batzuetarako Castel Gandolfoko egoitzara aldatu zen. Gainera, Führerraren bisita motzak iraun bitartean museoa eta basilika bisitariei ixtea erabaki zuen; horrela, buruzagi alemaniarra ezingo zen inola ere Vatikanoko lurraldera sartu, ezta museoetatik ere.

2000. urteko Urte Santuaren hasieran, museoetarako sarrera berri bat ireki zen, Vatikanoko harresian 1932an eraikitako sarrera zaharraren ezkerrean, harresi perpendikular batean. Orain, bi sarbideetako bat bisitariak sartzeko da, eta bestea ateratzeko. 1929an Mussolinik eta Elizak hitzartutako Ituneko artikulu batek ezarritakoaren arabera, Egoitza Santuak ezin du museoen ondasunik besterendu, eta eskubidea du sarrera egun eta orduak arautzeko, baina behartuta dago turisten eta ikertzaileen bisitak onartzera. Museoak itxita egoten dira zenbait jaiegunetan (urtarrilak 1, urtarrilak 6, otsailak 11, martxoak 19, Pazkoa eta Pazko astelehena, maiatzak 1, ekainak 29, abuztuak 15, azaroak 1, abenduak 8, abenduak 25, abenduak 26); halaber, igandeetan ere itxita egoten dira, hileko azken igandean izan ezik, beti ere esandako jaiegunetako bat izan ezean.

2006ko urrian Museoek bostehungarren urtemuga ospatu zuten eta Vatikanoko muinoan aurkitutako nekropoli baten arkeologia indusketak jendearentzat ikusgai jarri ziren modu iraunkorrean.

Vatikanoko Museoak osatzen dituztenak

Vatikanoko Museoak, zehatz hitz eginez, museo eta bilduma bat baino gehiagoz osaturik daude, eta museoez gain, Vatikanoko jauregi eta egoitzen zenbait areto ere sarturik daude bisita daitezkeen lekuen artean.

Artelanak

Vatikanoko Museoen eskailera nagusiak, Giuseppe Momo arkitektoak 1932an diseinatuak
Laokoonte eskultura-taldea

Antzinatekoak

Erdi Aroko artelanak

Pizkundeko artelanak

Artelan modernoak

Kanpo estekak