True Grit (euskaraz, Benetako kemena) Joel Coen eta Ethan Coen estatubatuar zinema zuzendari, ekoizle eta gidoigileek zuzendu, ekoitzi eta idatzitako 2009ko western filma da. Berez, 1969an John Wayne aktoreak antzeztutako izenburu bereko filmaren berregokitzapena da, biak ere 1968ko Charles Portis idazlearen izenburu bereko eleberrian oinarrituta. Jeff Bridges, Matt Damon, Josh Brolin, Barry Pepper eta Hailee Steinfeld aktoreek antzeztu zuten.
Hamar Oscar Sarietarako izendapen jaso zituen baina ez zuen bat bera ere irabazi.
Mendebalde Urruna. Mattie Ross (Hailee Steinfeld) 14 urteko neskatilak, mendeku asmoz, aita hil zion Tom Chaney (Josh Brolin) bidelapurraren bilaketari ekin dio. Rossek Rooster Cogburn (Jeff Bridges) polizia ofiziala konbentzitu du bilaketan lagun diezaion; jada urtetan gora eta pisuz aspaldi pasatako gizon alkoholikoa, hura sheriffaren hitzetan gaiztoenen artean gaiztoena delako soilik kontratatu du. Chaney atzeman nahian dabilen LaBouef (Matt Damon) Texas Rangerra ere elkartu zaie.