Poitiersko gudua (732ko urriaren 10a) edo Toursko gudua Poitiersetik gertu jazotako bataila bat izan zen, egungo Moussais-la-Bataille herrian; bertan, batetik, Karlos Martelek zuzenduriko franko-burgundiarren[3][4] eta akitaniarren armada konbinatu bat[5] eta, bestetik, Abdul Rahman Al Ghafiqik zuzenduriko omeiar armada bat elkarren kontra gudukatu ziren, eta europarrek garaipena lortu zuten.
Abdul Rahman Al Ghafiqi hil eta Karlos Martelek hegoalderantz hedatu zituen bere agindupean zeuden lurraldeak, Akitania formalki bederen menderatuz. Zenbait adituren ustez, guduak Islamen hedapena Europan geldiarazteaz gain, Karolingiar Inperioa finkatu zuen.
Garaipenaren ondorioz, IX. mendeko kronikariek Jaungoikoaren mesedea bere alde zegoela ulertu zuten eta Karlosi Martellus ("mailua") ezizena eman zioten, ziur asko Juda Makabeoren ezizena gogoratuz[6][7]. Zaila da guduari buruzko datu zehatzak lortzea baina ematen du europarrak zalditeriarik gabe borrokatu zirela[8].