Neurotipikoa[1][2] (batzuetan NT[3]), neuroaniztasunaren paradigman, desberdintasun neurologikorik gabeko pertsonak izendatzeko erabiltzen den terminoa da.
«Neurologikoki tipiko» (ingelesez: neurologically typical) esamoldea, gerora «neurotipiko» hitzera laburtu zena, Autism Network International elkarteko kideek sortu zuten[4]. Hasieran autista ez ziren pertsona guztiei neurotipiko deitzen zitzaien, baina gaur egun arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, dislexia eta desoreka bipolarra moduko desberdintasun neurologikorik ere ez duten pertsonei egiten die erreferentzia[5].
Neurotipikoaren antonimoa neurodibergentea[1] (ND[6]) da. Termino hau Kassiane Asasumasu aktibistak sortu zuen 2000n[7].
Pertsona neurotipikoek abantailak izan ditzakete gizartean, erakunde gehienak (ikastetxeak, lantokiak, kirol-erakundeak eta abar) haiek nagusiki kontuan hartuta sortzen baitira. Aldi berean, «neurotipikoa» eta «normala» ez da gauza bera. Norbaiti neurotipiko deitzeak esan nahi du haren jokabideak espero diren mugen barruan sartzen direla, kultura batetik bestera desberdinak izan daitezkeela[8].
Erresuma Batuko Autisten Erakunde Nazionalak kazetariei emandako aholkuetan «neurotipiko» terminoa erabiltzea gomendatzen du[9].
Zenbait adituk termino hau kritikatzen dute, pertsona neurotipikoen eta neurodibergenteen arteko muga argia ez delako[10].