Jasone Salaberria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Miren-Jasone Salaberria-Fuldain |
Jaiotza | Ermua, 1952ko uztailaren 18a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Baiona, 2021eko apirilaren 8a (68 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bordele Montaigne Unibertsitatea |
Tesi zuzendaria | Jean-Baptiste Orpustan |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, hizkuntzalaria, irakaslea eta ikertzailea |
Enplegatzailea(k) | IKER ikerketa-zentroa Seaska |
Jasone Salaberria Fuldain (Ermua, Bizkaia, 1952ko uztailaren 18a - Baiona, Lapurdi, 2021eko apirilaren 8a)[1][2][3][4] euskal linguista eta irakaslea izan zen. Euskara irakasle izan zen Seaskan eta urte anitzetan IKER Euskara eta euskal testuen ikerketa-zentroko ikerketa-proiektuetan partaide (HIPVAL, Norantz,[5] Iparrahotsa, ACOBA, Hiruele). Zuberera eta nafar-lapurtar euskalkien ahoskera aztertu zuen eta ahoskera lantzeko programa informatikoak sortzeko proiektutan ere kide izan zen.[6][7][8]
Euskara irakaslea izan zen Seaskan eta euskara ikasteko liburuak eta materialak argitaratu zituen.[9][10] Baionako Bernat Etxepare lizeoan euskara eta euskal literatura irakatsi zituen.
IKER euskara eta euskal testuen ikerketa-zentroan hizkuntzalari honek 1991n Bordele Montaigne Unibertsitatean doktoretza lortu zuen. Bi tesi argitaratu zituen, biak Jean-Baptiste Orpustanek zuzenduak. 1991n Prosodia eta silabismoa xiberutar kantu tradizionalean eta 1998an Zuberera barkoxtarreko bokalen azterketa akustikoa.[11][12]Iparraldean euskaraz aurkeztu ziren lehenengo tesiak Salaberriarena eta Anuntxi Aranarena izan ziren 1998an; elkarrekin zailtasun asko gainditu behar izan zituzten baina lortu zuten.[12][13][14]
2005ean Mendebaldeko Pirinioetako populuen eta hizkuntzen bariazioaren historia izeneko proiektuan (HIPVAL) parte hartu zuen. Proiektuan neolitizazio ondoko mikrobilakaera aztertu zuten, polimorfismo klasikoak, ADN mitokondriala eta Y kromosoma aztertuta. Euskal Herriaz gain, Bigorra, Aragoi, Kantabria, Chalosse, Errioxa eta Burgos ere hartu zituzten. IKER ikerketa-zentrorako Beñat Oihartzabal izan zen koordinatzaile nagusiak. Ikerketa taldean genetistek (Benoît Arveiler, David Comas, Stéphane Panserat eta Lluis Quitana-Murci), antropologoek (Pierre Darlu, Frédéric Bauduer eta Neskuts Izagirre) eta hizkuntzalariek (Ricardo Etxepare, Estibalitz Montoya, Beñat Oihartzabal, Jasone Salaberria, David Basterot eta Tristan Carrere) parte hartu zuten.
NORANTZ proiektuan Iparraldeko belaunaldi desberdinetako euskaldun arrunten hizkeraren ezaugarriak alderatu zituzten. Euskararen ezaugarri gramatikalak gogoan hartuta (eta ez gizarte egoera), euskararen gramatikaren ehunka punturi doazkien datuak hartuta, hainbat ondorio txiki aurkeztu zituzten 2012ko abuztuan.[15][16]
Prusiako Komisio Fonografikoaren artxiboetan agertu ziren Lehen Mundu gerrako euskal presoen grabaketen transkripzio ortografiko eta fonetikoekin ere lan egin zuen.[9][17] Egungo arau ortografiko eta fonetikoetara (IPA) egokitu zituen ere. EKEk 2017ko maiatza-uztailean misio bat luzatu zion Jasone Salaberriari. Artxibo-funtsen eranskinetan zeuden 35 eskuizkriburen bertsio elektronikoa egin zituen. 87 euskal kantu jaso ziren (presoek eman bertsio ezberdinak kondutan hartu gabe), horietan 4 erlijiosoak; eta 13 narrazio, mota guziak kontutan hartuta: leiendak eta erran zaharrak, istorioak, maskaraden deskribapena, Zuberoako sineskeria herrikoiak, gutun biografiko luze bat, eta Haur prodigoa parabola (Luk 15, 11-32), hizkuntza ikertzeko hautatua den estandarra eta Ipar Euskal Herriko 3 probintzietako 5 ordezkariek beren euskalkian irakurri zutena: Saint-Jean Bidegaray zuberotarra, Jean-Noël Irigoyen baxenabartarra, eta 3 lapurtar, Pierre Labadie Hazpandarra, Jean-Baptiste Mendiburu Donibandar Kostatarra et Antoine Suhas Arrangoiztarra.[17]
Bilboko Goi Ingeniari Eskolako Aholab laborategikoekin (Inma Hernaez buru duen ikerketa-taldea) euskarazko ahotsak sintetizatzeko edo euskarazko audio-grabazioak analizatzeko programa automatikoak garatzen aritu izan zen.[18][19]