Erreniega | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.036 m |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°44′06″N 1°42′02″W / 42.735°N 1.70059°W |
Honen parte da | Nafar bidea Pirinioaurrea |
Mendikatea | Pirinioak |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Geologia | |
Material nagusia | arroka sedimentario |
Garaia | Oligozeno |
Erreniega[1] (gaztelaniaz: Sierra del Perdón eta Sierra de la Reniega) Nafarroa Garaiko mendilerro bat da, Iruñerria eta Izarbeibar bereizten dituena.[2] Gailurrik gorena Erreniega mendia da, 1.036 metrorekin. Mendilerro ezaguna da, besteak beste, bertan paratu zirelako 1994an Nafarroako lehenbiziko haize-errotak.
Dirudienez, Erdi Aroan Errenega edo Erreniega zen mendilerroaren izena. Geroago, Andre Dona Mariari eskainitako ospitale-basilika eraiki zen Donejakue bidearen ertzean, Astraingo lurretan. Batzuek Erreniegako Andre Maria esaten zioten, Erreniegan kokaturik zegoelako; beste batzuek Perdoneko Andre Maria, hari esker erromesek erdiesten zituzten mesedeengatik. Izan ere, Compostelako Donejakue urruti zegoenez, urrutiegi erromes askorentzat, Donejakue bideko zenbait elizatan ere irabaz zitekeen Compostelako jubileoa. Pribilegio horiei perdonanza izena ematen zitzaien. Basilika eta ospitalea XIX. mendean desagertu ziren, baina orduko mendira hedatua zen izena. Nafarroan beste leku-izenekin gertatu den bezala, XIX. mendetik aurrera hagionimoa (santu-izena) leku-izen zaharra ordezkatuz joan da.[3][4]
Erreniega Iruñerria eta Izarbeibar artean luzatzen da, ekialde-mendebalde norabidean, Jaitzeko diapirotik Alaitz mendilerroraino. Oligozeno-Miozenoko hareharriz eta konglomeratuz eraturik dago.[5] Gailurrik gorenak 1.000 metro ingurukoak dira: Erreniega (1.036 metro), Aizkibel, 1.016 metro. Mendebaldeko eta iparraldeko errekak Argara isurtzen dira, ekialdekoak Elortzera, eta hegoaldekoak Robora, azken biak Argaren adarrak.[6]
Beraskoain, Zabaltza, Zizur, Galar, Biurrun-Olkotz, Ukar, Adios, Uterga, Muruzabal, Legarda, Obanos eta Garesko lurrak hartzen ditu.
1994-1996 bitartean, mendilerroaren itxura erabat aldatu zen, EHN enpresak (gaur egun Acciona) Nafarroako lehenbiziko parke eolikoa bertan eraiki baitzuen. 500 kilowatteko 40 aerosorgailu kokatu ziren mendi-bizkarrean, lau kilometrotan zehar lerrokatuak, eta denera 20 megawatteko potentzia instalatu zen. Haize errota bakoitzak 40 metroko altuera zuen, eta palek, berriz, 20 metroko erradioa; beraz, urrunetik aise ikusten ziren.[9][10]
Done Jakue bidearen Iruñea-Gares etapak Erreniega zeharkatzen du. Zarikiegi herritik goiti 2,4 kilometroko igoera dago Erreniegako mendi lepora. Bertan Donejakue Bideko Monumentua izeneko multzo eskultorikoa dago, Vicente Galbetek egindakoa. Handik beheiti, 3,6 kilometroko jaitsiera dago Utergaraino, kontuz egin beharrekoa, bide maldatsu eta harritsua baita.[11]