Djamila Amrane-Minne | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Danièle Minne |
Jaiotza | Neuilly-sur-Seine, 1939ko abuztuaren 13a |
Herrialdea | Frantzia Aljeria |
Heriotza | Aljer, 2017ko otsailaren 11 (77 urte) |
Familia | |
Ama | Jacqueline Guerroudj |
Hezkuntza | |
Heziketa | University of Reims (en) |
Tesi zuzendaria | Annie Rey-Goldzeiguer (en) Christian Bec (en) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, aktibista eta professeur des universités (en) |
Enplegatzailea(k) | Aljerko Unibertsitatea Tolosako Unbertsitatea II - Jean Jaures |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Aljeriako Independentzia Gerra |
Djamila Amrane-Minne[1], Danièle Minne jaiotzean, (Neuilly-Sur-Seine (Hauts-de-Seine), 1939ko abuztuaren 13a – Aljer, 2017ko otsailaren 11)[2] idazle, poetisa, ekintzaile eta unibertsitateko irakaslea izan zen.[3]
Ama Jacqueline Guerroudj zuen, Netter jaiotzez, eta amaren senarra Abdelkader Guerroudj, biak heriotzara kondenatutako ekintzaile komunistak. Djamila Aljeriako independentzia gerran Nazio Askatasunerako Fronteko kidea izan zen. Horrez gain, porteuse de valise ere izan zen, hau da, Jeanson sareetako kidea. Erakunde hori frantses ekintzaile ezkertiarrez osaturik zegoen, eta FLNren alde lan egiten zuen, batez ere, dirua eta dokumentazio faltsua fronteari batetik bestera helaraziz. Djamila Amrane-Minnek, Aljeriako gerran, bonba bat jarri zuen Aljerreko FLNren aginduz. Libre utzi zuten 1962ko amnistia orokorrari esker.[4]
Aljeriaren independentziaren ondoren, herrialde hartako lehen Historia irakasle aljeriarra izan zen. Gerra garaian, bakea heldu baino lehentxoago hilko zen Khellil Amrane-rekin ezkondu zen.[5] Geroago, berriz ere ezkondu zen Khellil-en anaia Rabah Amranerekin.[6] Gerra amaitutakoan, jaiotzean jarri zioten Danièle izenarekin batera borrokan zebilenean erabiltzen zuen Djamila gerlari-izena ere hartu zuen. 90eko hamarkadan, Aljerian hedatu zen indarkeriatik ihesi, Frantziara joan zen eta han deskolonizazioaren historia irakatsi zuen Toulouse-Jean-Jaurès unibertsitatean; bertan, Groupe de recherche sur l'histoire immédiate ikerketa-taldeko kidea izan zen.[1]
Danièle Minne eta bere gurasoak —Jacqueline Netter, jatorriz Rouengoa, eta Pierre Minne filosofiako irakaslea— 1948an iritsi ziren Aljeriara.[7] Danièleren ama maistra izan zen Négrier-en (gaur egungo Chetouane) eta gero Tlemcen-dik gertu dagoen Ain Fezzan herrian. 1950ean, berriz ezkondu zen Abdelkader Guerroudj-ekin, Aljeriako Alderdi Komunistako (PCA) aktibistarekin, eta bera ere Aljeriako Alderdi Komunistaren kide egin zen. 1955eko apirilean, Jacqueline eta Abdelkader Guerroudj Aljeriatik kanporatu zituzten beren jarduerengatik. Zenbait hilabete Frantzian igaro ondoren, Aljerrera itzuli ziren, eta 1956ko urtarriletik aurrera parte hartu zuten PCAren Combattants de la libération taldearen antolaketan eta baita Yacef Saâdi-ren Réseau bombes taldearenean ere.[7] Atxilotu eta epaitu ondoren, heriotza-zigorra ezarri zieten Fernand Iveton-en, Aljeriako gerran parte hartzeagatik gillotinaturik hil zuten europar bakarraren, konplize izateaz akusaturik. 1962ko martxoaren 8an, baina, Djamila Bouazza eta Djamila Bouhiredekin batera indultatu zituzten.[7]
Danièle Minnek 1956ko ikasleen greban parte hartu zuen, eta bat egin zuen Aljeriako independentziaren aldeko matxinadarekin, Djamila izenarekin. Aljerreko guduan, FLNko réseau bombes sareko kidea izan zen. Emakume gaztez osaturiko talde horrek hainbat hildako eragin zituen Aljerreko leku publikoetan lehergailuak jarririk.[8]
1957ko urtarrilaren 26an, larunbata, Danièlek, artean adingabea (17 urte), FLNren atentatu hirukoitz batean parte hartu zuen Aljerreko auzune europarreko Michelet kaleko hiru tabernatan. Berak Otomatic tabernan jarri zuen bonba, eta haren kideek beste lehergailu batzuk utzi zituzten Coq-Hardi-n eta La Cafétéria-n.[8]
Le Journal d'Arger egunkariaren arabera, hauek izan ziren atentatu horien ondorioak: “lau emakume hilik eta 37 zauritu ospitaleraturik; haietatik, 21 emakume egoera kezkagarrian”.[8]
1957ko abenduaren 4an, zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Aljerreko Barberousse kartzelan hasi zen kondena betetzen, eta gero, Frantziara eraman zuten. 1962ko apirilean, Rennes-eko emakumeentzako espetxetik askatu zuten, Aljeriako Independentzia Gerrari amaiera eman zion Eviango Akordioan adosturiko amnistia aplikaturik.[8]
Aljeriaren independentziaren ondoren, Danièle Minnek Aljeriako nazionalitatea hartzea erabaki zuen, eta 1964an, ezkondu zenean, Djamila Amrane izen-abizenak hartu zituen. Aljerreko Unibertsitatean hasi zen lanean eta 1988an doktoretza lortu zuen. 1999an, Toulouseko Unibertsitatean hasi zen irakasle emakumeari buruzko historia eta ikerketa arloan.[9]
Olerkiez gain, hainbat lan idatzi zituen. Haietako bat 'Les femmes algériennes et la guerre de libération nationale en Algérie, 1954-1962' (1988) izan zen. 1978 eta 1986 urteen artean egindako 88 elkarrizketatan oinarriturik zegoen, eta emakume aljeriarrek beren herrialdearen "Askapen Gerran" izan zuten parte hartzea aztertzen zuen.[10]
Djamila Amraneren poemak Espoir et parole, poèmes algériens antologian jasota daude, beste hogeita bost idazleren olerkien artean. Bildumako poemak, gehienak Independentzia Gerran idatziak, Denise Barrat-ek bildu zituen, eta 1963an Pierre Seghersek argitaratu zituen, Abdallah Benanteur-en ilustrazioekin.[11][oh 1]
Poema horietako hiru Paueko kartzelan idatzi zituen: 1959an, Vous m'avez appelée, fenêtres de prison eta Pourquoi?; eta 1961eko maiatzean, Sept années de guerre.[8] Djamila Amranek Jeune Afrique saria jaso zuen 1962ko urrian.[4]
1962ko apirilean askatu zutenean, Tlemcen-era itzuli zen. Han, abuztuan, "Boqala" poema hunkigarria idatzi zuen. Poema horretan makisean izan zituen bizipenak deskribatu zituen, hiltzen ikusi zituen neba-arreben oroimenez. Oso gazterik bizi izan zuen esperientzia horrek trauma sakonak utziko zizkion bizitza osorako.[4] 1967n, Espoir et parole antologian berriro argitaratu zuten.[12] Boqala-ri Aljeriako gerrari buruz idatzi izan den poema ederrenetariko bat iritzi izan diote.[13] 1963an, Le Couscous du rêve argitaratu zuen Alger-républicain-en.[14]