Damaris Pan | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Damaris Pan Vega |
Jaiotza | Mallabia, 1983ko abuztuaren 29a (40 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | artista eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Damaris Pan (Mallabia, Bizkaia, 1983ko abuztuaren 29a) artista, ikertzailea eta EHUko Pintura Saileko irakaslea da.
2021ean Gure Artea saria jaso zuen, sorkuntza lanari aitortza. Epaimaburuak zera adierazi zuen: «Damaris euskal pinturan azken urteotan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat da», «Literaltasunaren bilaketa eta edozein sinbolismoren gehiegikeriatik ihes egitea dira haren artelanen sinpletasunaren eta irmotasunaren giltzarriak, irudikatzen dena ez baitzaie lotzen kanpoko esanahiei. Artea eta, bereziki, pintura ulertzeko modu poetiko bat erakusten du».[1]
Arte Ederretako ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioa-Erandioko campusean eta Berlingo Kunsthochschule Berlin Weissensee eskolan egin zituen. 2014an doktorego-tesia defendatu zuen, balio eta arauen inguruko desbideratzea artearen oinarritzat hartuta, Lo Bueno, lo Bello, lo Berdadero («Ona, Ederra, Egiazkoa») izenburupean.[2][3]
Bilbon bizi den artista mallabitarrak bere estudioan garatzen du bere lan artistikoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioa-Erandioko campuseko Arte Ederren Fakultateko Pintura Sailean egiten duen irakasle-lanarekin uztartuz.
Bere garaiko artista da, baina aldi berean betikoa: marrazkia eta pintura erabiltzen ditu gehienbat, zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, sormen prozesuak bere barrenak erakusten dizkiola iruditzen zaio. Ez du metodologia jakinik, ez du behar. Ez du ordutegirik, ez du presarik, beretzako ari da lanean mundua. Begietatik sartzen zaion mundu hori eskuetatik ateratzen zaio, lehen edo berandu. Ez darabil margoa zerbaiten errepresentazio bezala, modu autonomoan baizik: materia bera, trazua, kolorea, marrazkia, formaren indarra. Izaki eta izaera berri bat sortzen du artelan bakoitzean.
Zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, artea desbideratze gisa ulertzen du, eta etengabeko desbideratze horretako geltokiak dira bere lanak. Batean izaki harrigarriak, bestean ikono zikinak, batzuetan ematen du sarean hara eta hona dabiltzan mila modutako irudien sintesi basa bat egin duela bere garaiko artistak, harrapatu duela munstroa, harrapatu duela edertasuna, eta berriro sarean jarri, izaki berriak bere bidea egin dezan.[4]