Aurpegi-nerbio | |
---|---|
Xehetasunak | |
Arteria | petrosal branch of middle meningeal artery (en) |
Identifikadoreak | |
Latinez | nervus facialis |
MeSH | A08.800.050.600.149, A08.800.800.060.275 eta A08.800.800.120.250 A08.800.050.050.275, A08.800.050.600.149, A08.800.800.060.275 eta A08.800.800.120.250 |
TA | A14.2.01.099 |
FMA | 50868 |
Terminologia anatomikoa |
Aurpegi nerbioa[1], nerbio faziala edo zazpigarren nerbio kraniala[2] nerbio kranial misto bat da, zuntz motor eta sentsitiboz osatua. Ugaztunetan agertzen da nerbio hau, gizakiak barne, eta VII. bikote kraniala osatzen du. Bikote kraniala den aldetik, bi zuntz ematen ditu, aurpegiaren alde bakoitzetik jaisten direnak. Enbor entzefalikoan kokatzen den erraboil-zubietako ildotik ateratzen da nerbioa eta aurpegiko giharreria mimikoa inerbatzen du, baita dastamena mihiaren aurrealdeko bi herenetan. Horrez gain, buru eta iduneko zenbait gongoil nerbioso inerbatzeko gongoil aurreko zuntz parasinpatikoak daramatza barruan.
Nerbioa entzefalo enborreko zubitik hezur tenporalaren kanal fazialera abiatzen da eta zulo estilomastoideoaren bidez irteten da garezurretik.
Aurpegi nerbioa eta nerbio bitartekaria elkarrekin doazenez, nervus intermediofacialis izenez ezagutzen dira.
Aurpegi nerbioaren ibilbidea 6 zatitan banatu daiteke.
Zulo estilomastoideotik irten ondoren hurrengo adarrak ematen ditu aurpegi nerbioak:
Aurpegi nerbioaren zelulen somak nukleo edo gongoil izeneko eremu batzuetan daude metatuta. Nerbio aferenteen zelulen somak gongoil genikulatuan daude kokatuak dastamen informazioa jasotzeko. Muskuluetara doazen zuntz eferenteen somak aurpegi nerbioaren nukleo motorrean daude. Azkenik, informazio parasinpatikoa daramaten zuntzen somak goiko listu nukleoan kokatzen dira.
Aurpegi-nerbioa bigarren arku faringeotik eratorria da. Bigarren arku faringeoari arku hioideoa deitzen zaio, hioide hezurraren beheko adar eta gorputzaren goiko eremuaren eraketan parte hartzen duelako (gainontzeko atalak hirugarren arku faringeotik eratorriak dira). Aurpegi nerbioak osagai motor eta sentsitiboa ditu bigarren arku brankialetik eratorritako egiturak inerbatzeko: muskulatura mimikoa, ointoki muskulua, digastrikoaren atzeko sabela eta estilohioideoa. Osagai motorra zubiaren eremu bentraletik eratortzen da eta atal sentsitiboa, aldiz, gandor neural kranealetik.
Mihiaren aurreko bi herenak lehenengo arku faringeotik eratorritakoak diren arren (eta horregatik atal bat trigeminoak inerbatzen duen arren), ez da guztia nerbio trigeminoak inerbaturikoa. Nerbio trigeminoaren hirugarren adarrak edo baraila adarrak, erraietako zuntz aferente orokorren bitartez mihiaren sentikortasuna daramate. Aldiz, dastamenaren inguruko informazioa aurpegi nerbioak, tinpano kordaren bitartez garraiatzen du (erraietako zuntz aferente bereziak).
Aurpegi nerbioaren funtzio nagusia muskulatura mimikoaren espresioaren kontrola da, inerbazio motorraren bitartez. Horrez gain, digastrikoaren atzeko sabela, ointokiaren muskulua eta estilohioideoa inerbatzen ditu. Hauek guztiak muskulu ildaskatuak dira, bigarren arku faringeotik eratorritakoak.
Aurpegi nerbioak, tinpano kordaren bitartez, mingainaren aurreko bi herenetako dastamen informazio jasotzen du. Informazio hori nukleo bakartiaren goiko eremura bideratzen da. Hala ere, dastamenaren informazioaz gain, mingainaren aurreko bi herenetako informazio sentikor orokorra baraila nerbioaren bitartez (trigeminoaren hirugarren adarraren bitartez, V3) garraiatzen da. Dastamen informazio eta informazio sentikor orokorrak bide berdina jarraitzen dute mihi nerbioan zehar.
Hala ere, tinpano korda bertatik askatzen da tinpano kutxan (erdiko belarrian) sartzeko arraildura petrotinpanikotik (Glaserren zisuratik). Ondoren, tinpano korda bere hoditik garraiatzen da aurpegi nerbioarekin bat egin arte. Aurpegi nerbioa gongoil genikulatura heltzen da, non tinpano kordaren eta bestelako zuntz batzuen somak kokatzen diren. Hortik dastamen informazio bitarteko nerbioaren bidez garraiatzen da eta atzeko entzumen zulotik atertzen da nukleo bakartiaren goiko eremuan bukatuz.
Gainera, aurpegi nerbioak aferentzia batzuk ditu orofaringetik datozenak eta beste batzuk bitarteko nerbioaren bidez garraiatuko direnak: belarri inguruko larruazaleko sentikortasuna jasotzen dute azken horiek.
Aurpegi nerbioak inerbazio parasinpatkoan parte hartzen du. Lau nukleo parasinpatiko daude enbor entzefalikoan eta goiko listu nukleoak bere informazioa bideratzeko aurpegi nerbioa erabiltzen du. Aurpegi nerbioaren zuntzek, gongoil genikulatuan belauna egin eta zulo estilomastoideotik atera ondoren, bi aukera dituzte:
Aipatzekoa da, kornearen erreflexuan begiaren itxiera garatzeko beharrezkoak diren eferentziak aurpegi nerbioak bidaliko dituela begiko muskulu orbikularrera.
Aurpegi nerbioaren paralisi akutua pairatzen dutenek, batez ere aurpegi paralisia izaten dute. Bellen paralisia aurpegi nerbioaren paralisi akutuaren kasu ezagun bat da, non gongoil baten infekzioa ematen den Lyme gaixotasunaren ondorioz edo infekzio biriko baten eraginez. Bellen paralisi hau ondorio iatrogeniko bat ere izan daiteke, hortzetako anestesia lokalak ematerakoan gertatutako akats baten ondorioz. Bestalde, aurpegi nerbioa behin betiko kaltetuta egon daiteke bestelako kausa batzuengatik ere: trauma baten ondorioz, jaiotzatik datorren arazo baten ondorioz edo bestelako gaixotasunengatik.
Aurpegiko borondatezko mugimendu zehatzak eskatzen zaizkio pazienteari eta asimetriarik ez dagoela ziurtatzen da. Horietariko mugimendu batzuk bekaina igotzea, bekokia tolestea, begiak indarrez ixtea (hau egiteko gaitasuna ez izateari lagoftalmos deritzo), ezpainak barrurantz eramatea eta masailak puztea dira.
Aurpegi nerbioaren nukleoak somatotopia izango du:
Gainera, kortexaren eragina bilaterala da goiko eremuan eta beheko ereman kontrolaterala. Horregatik, lesio zentral baten aurrean, aurpegi paralisia alde kontrolateraleko beheko aldean baino ez da emango.
Beste alde batetik, dastamen gaitasuna neur daiteke mihiaren aurreko bi herenetan estimulazio elektroniko bidez zein soluzio zaporedunak erabilita.
Azkenik, kornearen erreflexua ere beha daiteke. Nerbio trigeminoaren bizkar nukleoek jasotzen dute korneako informazio protopatikoa. Bertatik informazioa aurpegi nerbioaren nukleora eramaten da eta zuntz eferenteek aurpegiko muskulu orbikularra kitzikatzen dute bi begietan erreflexuaren erantzuna sortuz.