Aleksei Ivanovitx Rikov —errusieraz: Алексе́й Ива́нович Ры́ков— (Saratov, Errusiar Inperioa, 1881eko otsailaren 25a – Mosku, Sobietar Batasuna, 1938ko martxoaren 15a) sobietar politikaria izan zen.
1900ean Errusiako Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen. 1905ean Alderdi Boltxebikeko Batzorde Nagusiko kide hautatu zuten Londresen. Leninen aurkaria izan zen 1905eko eta 1910eko Kongresuetan. Iraultza nagusitu ondoren lehenengo gobernu boltxebikean parte hartu zuen Barne Saileko herri-komisario gisa, eta joera sozialista guztiak bilduko zituen Gobernuaren alde jokatu zuen. 1918an Ekonomiako Batzorde Nagusiko buru izendatu zuten. Trotskiren aurkaria izan zen. Lenin hil ondoren Herriko Komisarioen Batzordeko lehendakari izendatu zuten haren ordez. Alderdiko eskuineko joeraren ordezkaria izan zen. 1930ean kargutik kendu zuten trotskista eta eskuindarra zela salaturik. 1937an atxilotu eta hiltzera kondenatu zuten.